XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

I. IDAZPURUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Gaia

Foru arau honek xede hauek ditu:

1.- Mendia hobetzea eta artatzea, duen aniztasuna eta produkzioa bermatzeko.

2.- Mendiaren erabilera antolatzea eta mendiaren ustiaketa eramangarria sustatzea.

3.- Ahalik eta orekarik arrazoizkoena mantentzea mendiaren eginkizun ekonomikoaren eta, izadiaren ondarea, giroa, ur-hezetasunak, airearen garbitasuna, lurzoruaren egonkortasuna eta emankortasuna, paisaia, nekazal egitura eta gainerako azpiegiturak zaintzeko duen herri egikizunaren artean, bai eta herritarren astialdirako gune izateko duen egikizunarekin ere.

4.- Basogintzako ekonomia sustatzea eta basoen jabeei Foru Arau honek ezarritako eginbehar bereziak betetzen laguntzea, interes orokorrak eta partikularrak orekan izaten ahaleginduta.

5.- Mendien herri jabegoa finkatzea eta, ahal dela, haunditzea, herri egikizunak bete ahal izan daitezen, interes partikularra eragotzi gabe.

6.- Mendiei buruzko usadiozko eta ohiturazko arauak zuzenbidearen antolamendura egokitzea, haien arabera iharduten duten erakundeak, ustiaketak eta ohiturak eguneratu ahal izateko.

7.- Mendia begirune haundiagoz erabili eta ustiatu dadin kezkarazteko eta informatzeko lanak bultzatzea beste herri administrazio batzuekin nahiz gizarte agenteekin batera, behar diren jarrerak aldatzea posible egiteko bai mendiak ematen dituen ondasun eta zerbitzuen erabiltzaile eta kontsumitzaileengan bai eta izadiaren baliapideetaz baliatzen diren komunitate, enpresa eta profesionariengan ere.

2. artikulua.- Erabileremua

Foru arau hau Gipuzkoan dauden mendi guztietan bete behar da.

3. artikulua.- Baso Administrazioaren eginkizunak

1.- Foru arau honek Gipuzkoako Baso Administrazioari egozten dio bere xedapenak betetzeko eginkizuna ondorengo gaietan: mendien, artapen, defentsa eta babesean; berbasotzeetan; baso ustiaketa eta zerbitzuetan; larre, abelbide eta basobideetan; basozaintzaren erregulazio eta kudeaketan; nekazal eta baso lurren artapen eta hobekuntzan; eta auzoz ustiatzen diren mendiei eta probintziaren nahiz udalen jabariko nahiz ondareko gainerako mendiei buruzko araugintzan

2.- Artikulu honen lehen zenbakian aipatutako gaien eskumena duten Foru Aldundiko organoak dira Gipuzkoako Baso Administrazioa.